XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaua etorri eta, sei kilometro pistan (orain pista arrunta) egin ondoren, kotxeentzako frontoi antzeko zerbaitetan egin dugu lo, gehiegi afaldu gabe.

Bertako gizon batek, aurretik egindako 35 km-ez gain eta hondartzazko geroko 30 km-ez gain Sanlúcar-eraino 130 km. genituela (benetan 105 ziren) esan zigunean, indarrak hondarrezko pistan baino gehiago galdu genituen.

Sevilla-rako trena non hartu eta abar pentsatzen hasi eta gero, piska bat elkar animatu ondoren, denbora gehiagorekin (2 egun hobe) etorri behar izan genuela pentsatu genuen, gure esperientziako txirrindularien kasuan batez ere; baita jarraituko ginela erabaki ere, hori bai goiz goizean jeikiz.

Hala gertatu zen hurrengo goizean, gosaltzeko ezer ez izateak lagundurik, 8-etarako martxan ginen.

Bigarren eguna

Zeharo esnatu baino lehen eta egin beharreko km. pila buruan edukita, Guadalquivir-eko Villafranco-n ginen gosaltzen,9.30tan 25 km.-tako pista egin ondoren.

Bidean, kotxerik ez: bi edo hiru.

Doñanatik piska bat aldendu gara baina alderdiak lehen bezain lasaitsu eta guretzat ezberdina dirau.

Hala ere, bai eskumuturrek baita ipurdiak ere konturatu dira jadanik kolpeka ibiltzea zer den.

Bideak ba du, beste aldetik, bere alde ona: txirrindulari profesionalek ere ez dugu uste media askoz hobeagorik egingo zutenik, txirrindua edozein zulotan edo harritan galdu nahi ez ba zuten.

Bapo gosaltzeak lagundu digu zetorkigun berria onartzen: Guadalquivir zeharkatzeko hartu nahi genuen txalupa hondoratu egin zen.

Orduz geroztik Senuela-n ez dago pasatzerik, beraz, ekialde-ipar aldera jo beharko da, propinako 15 km. egitera.

Estamu beteak lagundurik edo, ez dakigu, azkar egin ditugu ibaiarainoko 12 km.ak.

Transbordadorea gure aldean, eskerrak; komentatzen izan ginen, kontrako aldean izan balitz zenbat denbora ez ote genuen ozenki eta alperrik aritu beharko.

Seinale ona: hasi gara itsasoko itsasbeherataz kezkatzen; transbordadoreko gizonak itsasgora 12,30 inguru izango zela esan digu (arraroa baina geroko hondartza dela eta ondo guretzat), gero beste batek 2-tan izango zela esan zigun, baina.

Kortijoak inguratuz, zubitxoak pasatzen, galdetzeko geratuz, denbora eta km-ak pasatzen zaizkigu.

Ondo gabiltza oraingoz, uste baino hobeto.

Hala ere errepidera iritsi baino zertxobait beranduxeago geratzen gara (ordubata) zer edo zer jateko Sanlúcar-etik 45 km-tara gutxi gora behera.

Ondoren... zaparradatxo batzuk, Guadalquivir ondoan, haizea kontra...

Sanlucar-en, 4-etan, hantxe ginen seirok pozik, uste genuen baino askoz ere hobeto etorri garela.

Errepidea atsegina izan da: oso kotxe gutxi, nahiko berdindua eta alderdi bakarti baina bizi batetik.

Ogitarteko bana eta pikatzeko zer edo zer jan ondoren (elikadura egokia jaten ez ginen gehiegi kezkatu) txalupa ttiki batean ari gara sei lagun eta sei txirrinduak Guadalquivir berriz pasatzen (dena 500 pta).

Aurrean daukaguna, 30 km-tako hondartza bakartia da, azken zatia, ni behintzat gehien erakartzen ninduena.

Txalupatik jeitsi bezain laister... argazkiak atera, hondarraren kalitatea (txirrinduaz ibiltzeko) konprobatu... martxa.

Lagunek aurretik esandakoa egia hutsa da: Lehenik, nola abiadura, hala erreztasuna: azkar ibiltzea errazagoa da geldiro ibiltzea baino; Bigarrenik, gurpilei presioa kenduz gero askoz ere errazago ibiltzen da.

Bien arrazoia hondarrean gutxiago sartzea da.

Ondoren guztiok desiratzen genuena: eskubian Doñana, animaliak besterik ez daudela, ezkerrean itsasoa, atzean Guadalquivir, eguraldia epela, zaparradatxo bat edo beste freskatzeko, abenturatxoak: denbora aurrera ahala itsasoa gora zihoala, itsas ertzetik gero eta maizago joan behar olatuak eskibatuz (txirrinduak gaixoak); beste tokietan hondar busti berriaren azpian hondar lehorra... txirrindarren aurretik jausi egiteko aukera.

Geldialditxo bat, kaiuak, XVI. mendeko dorreak,... urrutian Matalascañas.

8-ak eta autobusean.

Josu eta Fede beranduago datoz.

Argazkiak ateratzen egon ordez, guk pentsatzen genuen bezala, arazoak zeuzkaten txirrinda batean.

Barkatu, ez ginen konturatu.

Autobuseko nesken eritziz, gure aurpegietan nabaria zen astinalditxoaren aztarna.

Ez ginen damutu noski, luzeagoak ere, nik uste, egin ditzakegu eta egingo ditugu.

Orain ere bi egunetan hobeto egin daitekela uste dugu.

Ah! iristean, txirrinduak garbitu itzazue ondo!.

J. HAZABAL.

Guadalquivir zeharkatzeko bigarren txalupa hartzen.

Guadalquivir zeharkatzen lehendabiziko aldiz.

Eskerretik eskubira Fede, Josu, beste Josu, Yolanda eta Bernar.